XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eta guk konprenitzen genuela esan genion, eta orduan amak ardo botilarik hoberena eskaini zion bidaiarako, eta zentralekoak grazik oraindik zu bezalako damak ba direla mundu negargarri honetan esan zion, horrela hitzegiten baitzuen gizon hark, gu baino eskola gehio zuen eta, Natalio berak baino gehiago ere bai.

Eta gero han bertan idekiko zuela botilla, eta denon artean edango genuela, eta ateratzeko urdaiazpiko piska bat berak konbidatzen zuela, eta han eseri ginen denok mahaian, ttikienok ere bai, eta oso rato ona pasa genuen bere kontuk entzunez, nola salduko zuen alambretako kobrea eta non jarriko zen bizitzen, eta argiz beteta egon ginen denok patxada ederrean.

Eta horrelaxe gelditu ginen argirik gabe ere, eta argia gauza printzipala da, eta oso merkea egiten duen mesederako, baina ezin denean ezin da, eta Nataliok oso gauza xelebreak esan zituen arazo hori zela eta, esate baterako ikustezinak bihurtu ginela mendi zulo honetan, argi elektrika joan zenetik, eta gu berak behin ikusitako pelikula batekoen antzekoak ginela orduan, pelikula hartan ere jendeak ez zuela elkar ikusten, eta hori oso bentaja handia zela gerraren bat etorriko balitz.

Guk adi entzuten genion, ez bai genekien zein gauza klase ziren pelikulak, non ikustezinak ere ikus zitezkeen.

Baina Nataliok mundua ibilia zuen, eta errespetoa genion denok, nigandik hasita.

Predikatzaileak etortzen zirenean, adibidez, aurka egiten zien arrazonamendu zorrotzez, eta haik Marlene Bietrix edo honelako izenen bat zuen emakumea etsaia berbera zela ziotenean, tira tira ez esan astakeriarik erantzuten zien, eta mixiolari bizarluze haik poto eginda gelditzen ziren.

Horregatik utziko zioten etortzeari, gu salbajiak bagina bezala.

Astean behin herrira jaisten ginen anaia eta biok, tierrak emandakoa edo zekorren bat saltzera, eta bertan bazkaltzen genuen, ederki asko bazkaldu gainera, eta gauarekin etxeratzen ginen.

Behin, bazkaltzen ari ginela, oso tramankulu berezia ikusi genuen, erradio bat, ordurarte sekulan ikusi ez genuen gauza, eta berehala hartu genuen kapritxoa, eta bat enkargatu genuen hurrengo egunerako.

Agindu bezala ekarri ziguten, eta beltxa zen, eta bi xarpa bezalako zituen belarrietan botoi antzeko batzuk ipini ahal izateko.

Eta belarriei egokitu eta gero, abots bat entzuten zen, oso xelebrea, beste mundukoa bailitz, eta harrez geroz ez zen aspergorik gure etxean, eta hauzuneko asko hurbiltzen zitzaigun erradioa ikustera, eta aitak miraria zela esaten zuen, ikuskarria zela.

Baina neguan ixildu egin zen, eta hitxegiten zuen gizona hila izango zela esaten zuen aitak, baina Nataliok ezetz, edurragatik eta eguraldi txarragatik zela adierazi zion, eta hauxe izan egia, ez aitarena noski, udaberrian berriro ekin baitzion gizon hark eta inoiz baino garbiago gainera.

Eta gero semea eduki genuen anaia eta biok, biok batera, erradioa izorratua zegoen batetan.

Errotako alaba inguratu egin zen gure etxeraino, erradioaren aitzakiarekin, eta berak ba zekien ederki asko eguraldi txar harekin ez zela ezer entzungo, hotsa baizik ez zuela egiten, eta halere etorri egin zen, eta manta zaharra kendu zuenean ondo ikusi zen hura zertara zetorren, gizaseme baten gogoa seukala noski, mantaren azpian egun hotz gaietarako egokiak ez ziren arropak bait zeramazkin, kamisoi itxurako zerbait zekarren eta izterrak ere ikusten zitzaizkion mardul askoak, eta ene anaia oso atrebitua zen eta dapa bota zion hatzaparra, baina ez zen askorik beldurtu errotariaren alaba eta farrez hasi zen, eta gu orduan ufaka hasi ginen belarretan jirabiraka eta zilipurdika, eta batak bestearen atzetik estali genuen, ez zen giro ganbara hartan esnetu ginen arte, eta esnetu ginenean ere lasaitasun handirik gabe egon ginen hirurok etzanda eta hazkureka.